XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jabier Etxebarrieta

Euskal Mendizale Federakundeko erreskate taldekoa

Jabier Etxebarrieta orain 2 urte Euskal Mendizale Federakundeko partaide egin zen.

Taldean sartu aurretik proba batzuk pasatu behar izan zituen, korrikan, eskalada librean, erreken jeitsieran... eta geroztik hainbat kurtso teoriko eta praktiko egin ditu.

Mendia gustatzen zaiolako eta mendiaren inguruko gaietan ezagutza haundiagoa izateko sartu zen erreskate taldean.

Jabier, noiz sartu zinen Euskal Mendizale Federakundeko erreskate taldean?

Orain bi urte sartu nintzen.

Mendia gustatzen zait eta arlo honetan ezagutza haundiagoa izan nahi nuen eta bide batez mendian gerta daitezkeen ezbeharretan parte hartu.

Nola sartu zinen?

Taldean sartu aurretik proba batzuk egin behar izan genituen, korrikan, eskalada librean, erreken jeitsieran... edozein ezin baita erreskate taldeko partaide izan.

Mendiko kirol desberdinetan ezagutza eta esperientzia maila bat eskatzen da.

Proba pasatu ostean kurtso teoriko eta praktikoak egin ditugu.

Zer ikasi zenuten kurtso horietan?

Benasquen, Goi mendiko eskolan kurtso intentsibo bat egin genuen lehenengo udan eta baita neguan ere.

Bertan, orientazioa, sokak nola erabili, kamila, norbere erreskatea, hormetako erreskatea, helikopteroz erreskatea... ikasi genituen.

Negukoan berriz, elur jauziak, korredore elurtuetako erreskatea...

Azken finean mendian gertatu daitezkeen istripuetan nola erantzun.

Zenbat erreskatetan hartu duzu parte?

Hiru erreskatetan hartu dut parte, galdutako jendea topetan batez ere eta arrakastatsuak izan dira, bat ezik.

Nola funtzionatzen du mendiko erreskate taldeak?

Guri SOS deiatik etortzen zaizkigu abisuak.

Hiru talde gara, bakoitzean 5 lagun: medikua, sokorrista eta 3 erreskatatzaile.

Baldintzak oso teknikoak direnean joaten gara normalean, norbait galdu denean esaterako.

Bestalde, erreskatea helikopteroz edo arinago egin ahal bada, helikopteroz egiten da.

Momentuz Euskal Herri mailan funtzionatzen du taldeak, baina gure lana urrunago zabaltzeko asmoa daukagu, Pirineotara esaterako.

Ze finantziazio mota du erreskate taldeak?

Gure lana dohainekoa da.

Eusko Jaurlaritzatik dirulaguntza jasotzen du, eta hau talderako materiala erosteko eta gure formazio ikastaroetarako erabiltzen da.

Erreskate baterako abisua helduz gero eta lanean egonez gero zer gertatzen da?

Erreskate baterako deia heltzen zaigunean lanetik irtetzeko baimena daukagu.

Jakinaren gainean daude lantegiak.

Erreskate taldeek ordaindutakoak izan behar ote duten edo ez eztabaidak ere sortu dira.

Zer iritzi duzu horren inguruan?

Hori logikoa dela uste du askok.

Gure taldean iritzi desberdinak daude.

Nire ustetan ez litzateke ordaindutakoa izan behar.

Profesionala izan ezkero, ondo iruditzen zait.

Suizan esaterako erreskate talde profesionalak daude eta erreskate onak egiten dituzte, asko arriskatuz.

Gu ez gara profesionalak eta ahal duguna egiten dugu.